XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Garazi dardari batean zegoen.

- Orduan ez genuen halako barre izugarririk entzun.

Oilo-ipurdia jarri zitzaidan.

- Orduan...

Ez nuen esaldia akitu. Beste boz bat, Garazirena ez zena, sartu zen tartean:

- Ederki konprenitu dion, zozo horrek. Ez nindunan hemen hire laguna etorri zen lehen aldi horretan.

Emakume ahotsa zen, emakume zahar batena, zehatzago. Eta tuneleko zoko guztietatik batera heldu zela iduri zuen. Ez nuen inon inoiz aditu eta, hala ere, ezagun zitzaidan.

- Bildotsak hiltegira bezala etorri zarete nire tranpara.

Irri egin zuen berriz, eta irri egiten zuen aldioro hotza barne-muinetarino sartzen zitzaidan.

Nire ondoan, Garaziren hortzak karraskan entzun nituen.

Liburuan behatzen ahal banu, bederen!

Boz idor horren jabeak nire gogoa haztatu zuen, nonbait.

- Debalde ari haiz, alferrik. Badakin ilunpe honetan ez dezakenala deus irakur.